Paper-zorroa

Bost hilabete pasatxo erabakia hartu eta "pistinara" burua bota nuenetik. Egia esanda, istorioz betetako 5 hilabete izan dira. Askotan momentu onak pasa ditut baina beste batzutan itotzear zaudeneko sentsazioarekin bizi izan ditut. Momentu hau, ez dakit oso ondo nola definitu. Egunak aurrera joan ahala argiago ikusten dut etorkizunerako nahi dudana eta nahi ez dudana. Etengabeko galderari erantzuna topatzen diozunean, askeago zarela iruditzen zaizu eta hortik aurrera muga guztiak gaindituko dituzulakoaren ziur zara. NAHI IZANEZ GERO, LORTUKO DUGU!
Oraindik gogoan dut duela 5-6 urte magisteritzako matrikula egin nuen lehenengo urtea, lagun batek esaten zidan magisteritzako "oinarria" didaktika zela. Bigarren lau hilabetean hasi ginen ikasgai hori lantzen eta gogoan dut zelako kuadernoa prestatu zigun irakasleak. Oker ez banago oraindik etxean daukat. Oso egun gutxi eman nituen klasean, bestelako egoerengatik alboratuta utzi behar izan nuelako, baina gogoratzen dudan apurra, ez dauka zer ikusirik 2011kako Didaktikako ikasgaiarekin. 
Asteburuko "etxekolan" bezala, apunte horiek bilatzea jarri diot  nire buruari. Garai horretako eta gaur egungo egoerak apur bat gehio alderatu nahi ditut. Hurrengo batean kontatuko dizuet...


Bila ta bila ibili naiz baina ez dut topatu nahi nuen apunte bilduma. Hala ere, gogoan dut nahiko teoria zela. Suposatzen dut, orain proiektuarekin bukatu dugula, "unitate didaktiko bat nola sortu" hartuko dugula abiapuntua bai ikasgaiari begira eta baita moduloko lanari begira ere. Egia esan, atzera begiratuz, nahiko azkar pasatu dira 5 asteak eta lanaren emaitza ikusita, gustora gelditu gara. Hasieran gure dudak genituen zein bide jarraitu behar genuen emaitza orokorra lortzeko, baina pixkanaka pixkanaka lortu dugula ziur nago. Bost aste hauetan asko ikasi dut, bai lan taldean lan egiten (egunero ikasten delako zerbait), bai ikas komunitatei buruz eta baita focus group batean egoten ere. Zerbait berria izan da esperientzia hau eta etorkizunerako balioko digun esperientzia dela iruditzen zait. Adibidez, irakasle garenean, zikloko bilera batean edo gurasoen aurrean gaudenean hitz egiteko "entrenatzeko". Jendearen aurrean hitz egiteko beldur hori kentzeko besteak beste. 


Aurreko astean, gure eskolako Zuzendaritza taldeko bi kide etorri ziren gure klasera, minorren kontuarekin sortu den "astoramendua" baretzeko asmoz. Dena azaldu ondoren, Lorea etorri zen eta beste gauza batzuez gain, minor bati buruz hitz egin digu: Hezkuntza Berrikuntzarako Proiektuak Lehen Hezkuntzan, hain zuzen. Orain arte gauz gutxi entzun ditut minor honi buruz eta egia esan duda asko ditut aukeratzeko. Aurten egiten ari naizen ikasgai batzuk bidea apur bat irekitzen ari didate eta minor hau ere nire zerrendan sartuko dut. Hasieran pentsatzen nuen tutore izateko minorra zela, baina proiktuekin lan egiten ikasiko genuela entzun nuenean, jakin-mina sortu zitzaidan. Beste metodologia bat ikasteko aukera izatea oso garrantzitsua iruditzen zait. Hezkuntza sistema inposatu honek dituen hutsune guztiak bete nahi baditugu eta benetan gauzak aldatu, batzuk hasi zuten bidea jarraitu behar dugu, eta horretarako ondo formatuak egon behar gara. Noski, gogoa eta motibazioa ezinbesteko faktoreak dira. Laugarren urte honek bidea irekiko digu horretarako, eta beste hamaika ametsetarako. Gure seme-alaben etorkizunari begira gauzak aldatzen hasi gaitezke.
Hala ere, erreza ez da izango. Are gehiago, momentu honetan sartu gaituzten “krisi” honek jarraitzen badu eta hezkuntzan zein beste arlotan murrizketak egiten jarraitzen badituzte. Honen harira, askotan galdetu diot nire buruari nola “herriarentzat lan egiten duten” politikari hauek hezkuntzan hainbeste murrizketa egin ahal dituzten, gure gizartean hain garrantzitsua den zerbitzu batean (edo niretzat behintzat), alegia. Erantzuna ez dut topatu, baina kontu bati bueltak ematen daramat egun batzuk. Gizakia arrazoiduna izanik, hezkuntza da sentzu askotan bere bidea egiteko eta pertsona bezala garatzeko giltza emango diona. Ez beti noski. Baina hezkuntzak bidea irekitzen dio bere kabuz pentsatzeko eta bere mugak gainditzeko. Beraz, horretarako aukerarik ez badu edo ematen dioten aukera eskasa bada, kalitate gutxikoa, pertsona hauek ez dira hainbeste garatzen, pentsatzeko eta iritzi propioa izateko aukera gutxiago dituzte. Beraz, hobeto maneiatu ahal dira eta sistemak inposatzen duenari “amen” egingo diote errazago. Ordun, gizartea eraldatzeko eta politikari hauen gustura moldatzeko aukera paregabea irekitzen zaie.
Guzti honegatik, uste dut, hezkuntza bezalako zerbitzua, ez litzatekeela egon beharko beraien eskuetan. 
Hezkuntza da daukagun altxor handik bat, ez dezagun galdu.


  Zertarako hainbeste tresna "inteligente"? Gaur egungo egoera ikusita eta azken urteetan eman diren pausuak ikusita, badirudi Espainiari diru asko kostatzen zaiola jendearen hezkuntza. Azken finean, gure (pertsona ororen) eskubidea dena  eta herria garatu dezakeena murriztu eta pribatizatu nahi dute. Zergatik ez dirua hezkuntzan eta I+Gn inbertitu? Zein da guzti honen helburua? Krisiaren "aitzakia" jartzen dute, baina nik bestelako teoria bat daukat (nirea noski, oker egon naiteke). Zer lortzen dugu bada hainbeste tresna eta teknologiarekin? Ba kontsumismoa bultzatzea. Onartzen dut gaur egun dauden tresna asko oso baliagarriak eta lagungarriak suertatu direla eta erreztasunak ekartzen dituztela. Baina askotan kontsumismora bultzatzen zaituzten beste hamaika tresna asmatzen dituzte. Adibide argi bat: zertarako behar dut nik kotxe bat 200km/h-ko abiadura hartu dezakeena, gehienez 120km/h abiadurara jun banaiteke. Ez al da kontraesana? Hor dago koxka! Kriston publizitate kanpaina sortu eta jendeak sinisten du gero eta kotxe hobeago bat edukiz gero, hobeagoa zarela. Konpetibitatea ere noski! Gizarte kontsumista eta kapitalista batean bizitzeak da guzti hau dakarrena. Diruan besterik ez pentsatzen duen gobernu batek epe motzera etekinak ekarriko dizkion ekintzetan bakarrik inbertitzen du. Eta gero eta diru gehiago irabazi, orduan eta hobeto beraientzat. Hezkuntzan inbertitzeak ez du epe laburrera etekinik ekarriko seguruna, baino bai luzera. Gizarte inteligente, azkar eta antolatu batek da herriaren garapena sustatuko duena. Ez soilik garapen ekonomikoa, garapen kulturala eta soziala ere bai. Zer gertatzen da ere goi mailako gaitasunak dituzten umeekin? Zergatik ez dituzte ikasle hauen beharretara egokitzen diren baliabideak jartzen? Hezkuntza sistema ez dago horretarako egokitua eta badirudi koefiziente intelektual altua izatea ez dela gaitasun bat, arazo bat baizik. Ez da ustea bakarrik, adituek diote ume supergaituen %40ak ez duela DBH gainditzen estimulu eta motibazio faltagatik. Eta oso larria iruditzen zait hori. Gure hezkuntza sisteman ez daude ume hauen beharrak asetzeko programarik. Honek baliabide ekonomiko eta pertsonal gehio suposatzen dutenez, ez dute arreta jartzen eta ume hauen gaitasuna pasatzen usten dute. Horrek suposatu dezakeen eskola porrotarekin, ume horren frustazioa, motibazio eza, askotan ere depresioa...


Zer egin dezakegu guk irakasle moduan honen aurrean? Eta ikusten badugu ume batek goi mailako gaitasunak erakusten dituela? Ixilik gelditu eta ezer gertatuko ez balitz bezala jokatu ez behintzat. Badirudi errazagoa dela zailatasunak dituzten umeak detektatzea hauek baino, egia da ere horretarako baliabide gehio daudela. Baina ume bat bestea baino "azkarragoa" dela ikusten badute, zein azkarra den eta ariketak zein ondo egiten dituen esan eta kitto, hortan gelditzen da. Zailtasunak dituenean, ordea, protokoloa martxan jarri eta ume horri behar dituen baliabide guztiak jartzen zaizkio (egoera ekonomikoak uzten badu noski). Eta hori da egin behar dena noski! baina eskola eta hezkuntza inklusibo bat lortu nahi badugu, ume guztien beharretara egokitzea lortu behar dugu, eta ez umeak eskolaren beharretara egokitzea. Hezkuntza inklusibo bat baino, ez al da hezkuntza baztertzailea? 


Eta orain daukagun krisialdiarekin, bai ikasle hauek, premia bereziak dituztenak zein gainontzeko guztiak arazo gehiago edukiko dituzte. Zergatik ez gara denok mugitzen murrizketen kontra? Bestelako arrazoiengatik jendea mugitzen da eta kalera ateratzen da, zergatik hezkuntza kalitatearen alde ez? Milaka eta milaka pertsona kalean futbolaren eraginez eta komunikabide guztiek honen berri ematen, baina Maiatzak 10eko grebaren berri ia ez dugu ezta entzun! Badirudi ez garela konturatzen hezkuntzaren murrizketak honen kalitatearen galtzea dakarrela,  aldi berean, gizartean edukiko duen eragina. Gizarte indibidualistagoa sortuz eta formakuntza gabekoa. Eta horrentzat konponbide bat bilatzea oso zaila izango da. Konturatu orduko, eskola porrotaren gorakada izugarria izango dugu, ikasleen  eskolarekiko interes eza eta baloreen galera. Zerbait ez badugu egiten.... hori da lortuko dugun bakarra. Eta nik uste dut gure esku dagoela parte handi batean! Irakasleak izango garen heinean, gure erantzukizuna daukagu.


Eskola garaiko urteei erreparatzen badiet, eta zer nolako ikaskuntza prozesua eraman dugun ikusita, esango nuke oso neurtua eta oso "zorrotza" izan dela. Hau da, curriculumean zehazten ziren edukietara mugatzen zena. Eta ez digute nolabaiteko "askatasuna" utzi eta pertsona  autonomoagoak bihurtzeko ere aukera gutxi utzi dizkigute. Bideoan aipatzen duenarekin guztiz bat nator. Alde batetik, muga gehiegi jartzen dizkigute eta askotan ez digute gure irudimena martxan jartzea uzten. Bestaldetik, ikaskuntza prozesua ez dute gure gaitasunen azalaraketa egiteko erabiltzen eta askotan badirudi eskolatik atera eta gauz gutxi ikasi ditugula, ikaskuntza hori ez delako esanguratsua izan. Lehen aipatutako eskola kalitatearen galera honek, hori ere ekarriko du, ikaskuntza esanguratsua ez gauzatzea eta gero eta zuzenduagoa izatea ikaskuntza, baina inolako kontrolik gabe, gero eta irakasle gutxiago egongo direlako eta ikasle gehiago. Hau kontraesan bat dirudi, ikaskuntza zuzendua baina kontrolatu barik. Baina nire ustez ez da horrela. Zuzendua hitzarekin esan nahi dut zer ikasi esaten digutela eta kontrolatu barik, ba ikasle gehiegi egongo direnez, ba ezin izango du ikasle guztiei behar duten arreta eskeini, beraz ez da hain kontrolatua izango. Bideoa ikusi eta ea ze iritzi duzuen!


Blogari ez diot amaiera emango hemen, are gutxiago ikasturte honetan. Lehen Hezkuntzako graduaren ikaskuntza prozesuaren parte garrantzitsu bat bilakatuko dela ziur nago. Beraz aurrera jarrai dezagun! 

1 comentario:

  1. Kaixo Arrate, paper-zorroan kalsean egindakoaren narrazioa egiten duzu hasieran eta bukaeran gehiago asmatzen duzu hemen idatzi beharrekoarekin, ildo horretatik jarraitu eta saiatu blogeko sarrerak zure diskursoaren abiapuntua izaten. Aurrera!!

    ResponderEliminar